Si quieres estar informado, subscribete.
Comunicados
Elkartasun kontzentrazioa Italiako kontsulatuan Donostian
30/03/2009
DONOSTIA - Datorren asteazkenean, apirilaren 1ean, Val di Susa-ko AHTren kontrako borrokarekin (Italia) elkartasun kontzentrazioa egingo da arratsaldeko 7tan Donostian Italiako kontsulatuaren aurrean (hiri-erdialdeko Idiakez kalea dago egoitza hori, 11 znbkian). Hori dela eta, Donostiako AHTren aurkako taldeak kontzentraziora biltzeko dei egiten du, Val di Susako biztanleek Turin-Lyon AHT egitasmoa gelditzeko daramaten borrokarekiko elkartasuna adierazteko --herri mobilizazio zabal eta tinkoen bitartez lanak geldiarazi zituzten 2005ean-- eta Berlusconi-ren gobernuak indarkeria erabiliz azpiegitura lan erraldoi horren eraikuntza lanak berriro abian jartzeko agindu duela salatzeko.
Val di Susako AHTren aurkako borroka eredugarria da. Herritarrek eraikuntza lanen hastapena geldiaraztea lortu zuten 2005 urteko abenduan errepideak, autopistak eta trenbideak blokeatuz, obren eremuak modu iraunkorrean okupatuz eta bi greba orokor eginez. 90garren hamarkadaren haseratik desadostasun zabala sortu zuen Alpetako bailara hontan Turin-Lyon AHTren egitasmoak eta 53 km.tako makro-tunel baten zulaketak eragingo lukeen triskantzak. 2001 urtetik aurrera ugariak izan dira kale manifestazioak eta obra eremuak hartu dituzten mobilizazio jendetsuak. Mobilizazioetan populazio osoak agertzen duen inplikazioa harrigarria da eta AHTren aurkako herri mugimenduak garapen eredua bera eta eskualdearentzat nahi den etorkizuna jarri du ezbaian, jendartean demokrazia zuzeneko kutsu nabaria duten antolamendu esparruak sortuz.
Gobernu italiarrak bide errepresiboak eta trikimailu guztiak erabili ditu. Bailararen militarizazioaz gain AHTren aurkariak “terrorista” gisa agertu nahi izan dituzten kanpaina kriminalizatzaileak abian jarri ditu. Ildo horretatik, aipagarria da 1998an hiru gazte anarkista atxilotu eta hauetariko bi urkatuak agertu zirela espetxean gero: AHTren proiektuko azterketa lanen aurka sabotaiak egitea eta carabinieri-ek asmatutako erakunde “eko-terrorista” bateko kide izatea leporatu zieten. Hirugarren gaztea epaitzerakoan hutsean gelditu ziren ordea “banda eko-terrorista”ko kide izanagatik poliziak asmaturiko akusazio guztiak.
2008an, berriz, Italiako “zentro-ezkerreko” gobernuak “Akordio-Tranpa” bat bultzatu zuen Val Susan, zenbait alkateren oposizioa indargabetuz eta herri mugimenduak sorturiko batasuna apurtuz. Eta oraingoan, Berlusconi-ren Gobernuak obrak berriro hasteko agindu du, “esku gogorreko” politikak berriro indarrean jarrita, edonolako oposizio eta erresitsentzia zapaltzeko asmoz. Berlusconik eta Sarkozy Frantziako lehendakariak Lyon-Turin AHTa ezartzeko eta zenbait zentral nuklear sustatzeko erabakiak hartu dituzte, hain zuzen ere, berriki eginiko gailurrean.
Hala ere, Val di Susa eta Piemonte-ko AHTren aurkako taldeek proiektu txikitzaile hori gelditzeko borrokan eta obra eremuak okupatzen jarraituko dute, AHTren egitasmoa bertan behera uztea lortu arte.
Hori denagatik, Val di Susako AHTren aurkako borrokarekin elkartsaun osoa adierazteko egingo dugu asteazkeneko kontzentrazioa.
AHTrik EZ! DESARROLLISMOARI STOP!