Sociedad
Helburu nagusiak dira automozioko profesional guztien prestakuntza-maila gehitzea, kategoria guztietan.
11/03/2010
BILBO - AIC Automotive Intelligence Center fundazioak 570 laguni eman zien prestakuntza 2009. urtean, automobilgintza-sektorean profesionaltasuna areagotzeko estrategiaren baitan. Prestakuntza Unitatea (AIC Training Unit) arduratu da sektoreko profesionalei zuzendutako prestakuntza hori garatzeaz.
Fundazioko iturriek gaur jakinarazi dutenez, buruturiko jardueren artean, bi programa espezifiko ('project leader' eta berrikuntza ingeniaritza), arlo desberdinetako 18 ikastaro eta espezializatutako bost 'workshop' azpimarratu daitezke. Horrez gain, etorkizunean internet bidezko ikastaroak eskaintzea ahalbideratuko duen e-learning sistema bat egituratu da.
Gaur egun, Project Leader programa aurreratuaren bigarren edizioa gauzatzen ari da AIC Training Unit. Helburua da, dagoen beharrizanari erantzunez, bezero ugarirekin eta herrialde anitzetan proiektu konplexuak kudeatzeko gai izango diren profesionalez sektorea hornitzea.
Bigarren edizio horri martxoan emango zaio hasiera. 400 orduko ikastaroa izango da, bederatzi modulu desberdinetan banatuta. Erakunde ospetsuetatik etorritako irakasleek jardungo dute, esaterako, Ricardo Engineering, Sisteplant, Renault Consulting, Eseune edo Lea Artibai Ikastetxea.
Project Leader programa aurreratu hori AIC Training Unit delakoaren baitan kokatu behar da. Horren helburu nagusiak dira automozioko profesional guztien prestakuntza-maila gehitzea, kategoria guztietan; sektoreari etorkizuneko kualifikazio berriak ahalbideratzea; enpresentzako kanpo nahiz barne prestakuntzarako zentro izatea; eta sektorera talentua erakartzea.
AIC Bizkaiko Foru Aldundiak, Zornotza eta Ermuko udalek, automobilgintza sektoreko puntako enpresen talde batek eta Euskadiko ACICAE Automozio Klusterrak sustatutako fundazioa da. Haren egituran ezagutza, prestakuntza, teknologia eta industria-garapenerako jarduerak biltzen dira, automobilgintza sektorearen lehiakortasuna hobetzeko asmoz.