Deportes
Euskaltel Euskadi txirrindularitza taldeak Picardieko Tourrearen 64. edizioan hartuko du parte bihartik igandera bitartean, etapa garaipen bat lortzeko helburuarekin.
13/05/2010
BILBO - Koldo Fernandez de Larrea esprinterra izango da taldeko burua, eta arabarrarekin batera, Jonathan Castroviejo, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun, Jorge Azanza, Aitor Hernandez, Sergio de Lis eta Miguel Minguez izango dira irteeran. Zuzendaria Alvaro Gonzalez de Galdeano izango da.
Lasterketa frantsesak hiru etapa eta 541 kilometro ditu guztira. Ibilbideak gorabehera asko ditu eta seguruenik esprintean bukatuko dira etapak. "Picardien dugun helburua etapa garaipen bat lortzea izango da. Erronka hori lortzeko gai den taldea daramagu", esan du Gonzalez de Galdeanok.
Euskaltel Euskadiko kirol zuzendariak aitortu du irabaztea "beti" dela zaila, baina taldeak egin duen "apiril bikainari" jarraipena emateko itxaropena agertu du.
"Taldeak lasterketa guztietan duen jarrera baloratu eta azpimarratu behar da. Garaipena lortzeaz haratago, gure erantzukizuna ari gara hartzen parte hartzen dugun proba guztietan. Picardiera gogo handienarekin goaz, ea balantze onarekin itzultzen garen", esan du.